Oihana eta Odik Arrasateko Amaia Antzokian!!!

Hi gazte! ekimena Arrasatera iritsi da gaur, aurreko saioak Eibarren, Urnietan eta Azpeitian egin eta gero. Eta, gaur Amaia Antzokiko aretoan batu dira, txanda ezberdinetan eta segurtasun neurriak zainduta, Bergarako Ipintzako, Oñatiko Zuazola-Larrañako eta Arizmendiko ikasleak. Saio bakoitzean sortzaile ezberdinek hartu izan dute esku, eta gaur Odik musikariak eta Oihana Arana idazle eta bertsolariak izan dute saioa gidatzeko ardura.

 Saio hasieran Odikek hainbat pieza abestu ditu, eta ondoren Oihanak hartu dio erreleboa, eta bere liburuko pasarte batzuk irakurri dizkie gazteei. Ondoren, eurak hobeto ezagutzeko solasaldia egin dute, eta gazteen txanda etorri da jarrian. Poltsikoko telefonoak eskuan zituztela, eta Instagram erabilita, gazteen galderak erantzuten ibili dira bi sortzaileak. 

Saioaren bigarren zatian gazteek eurek hartu dute esku. Amaia Antzokia areto handia da, baina hala ere, lotsak gainditu eta gazteak animatu dira taula gainera igo eta dantza egitera.

Amaieran, sortzaileek Hi gazte! ekimenaren barruan egingo duten lehiaketaren berri izan dute. Izan ere, Gipuzkoako gazte guztiendako zabalik dagoen lehiaketa jarri dute abian, eta Iphone 12a egongo da jokoan. Horretarako, @higazte etiketa erabilita gazteek lelo bat asmatu beharko dute, eta ikus-entzunezko bat sortu horrekin. Izan daiteke tik-tok bat, bideo bat… Baina gogoratu, @higazte etiketa erabilita zabaldu behar da sare sozialetan.