Archive for the
‘Albistea’ Category

Ostiralean Tolosako Leidor aretoan egon ginen Orixe BHI eta Laskorain ikastolako ikasleekin dinamikaren bueltako bigarren saioa egiten, eta bertan geundela aprobetxatuta lehenengo erronkako saria banatu genuen. Izan ere, irabazlea publiko artean zegoen, Oier Gastesi (@oierrr65), alegia: “Sarerako formatu ezberdinetan ekoiztutako edukiak aurkeztu ditu lehen erronkan. Meme bat, bikoizketa ariketa bat, podcast bat eta euskal musikari erreferenteak oinarri hartutako ausnarketa bat, besteak beste. Aurkeztutako eduki guztiak izan dira landuak eta kalitatezkoak”, adierazi dute epaimahaiko kideek saria banatzerako orduan.
Ez zen izan, baina, eguneko sari bakarra, Ekaitz (@ekaitzz2)-ek ere saria izango duelako, izan duen jarrera parte-hartzaileagatik: “Higazte!-ra konektatuta izan da uneoro, eta hainbat eduki igo ditu. Memeekin eta bikoizketa bideo laburrekin uneoroko presentzia izan du on-line eta epaimahaiak horixe saritu nahi izan du”. Hori horrela, ekainean gauzatuko den sari banaketa ofizialean jasoko dute saria.
Eta horrekin batera, sorpresaren bat edo beste ere izan zen. Hain zuzen, youtuber-ek horrenbeste erabiltzen duten argi-uztai bat zozketatu zen goizean zehar egindako saio bakoitzean, bertan izan ziren ikasleen artean.
Zozketa eta sari banaketak alde batera utzita, Kai Nakai eta Maialen Sorzabalbere izan ziren ikus-entzunezkoak sortzeko klabeak eskaintzen. Horretaz gain, bertan, zuzenean, bikoizketa ariketa bat egiteko aukera izan zuten eta maiatzaren 22ra bitartean gauzatu beharko duten bigarren erronka ere aurkeztu zieten sortzaile gazteek ikasleei. Kasu horretan, irabazleak Gopro-9a eramango du etxera.
 

Hi Gazte! dinamika Andoainera iritsi da lehenengoz! Aurreko dinamika saioarekin Gipuzkoatik barrena egindako errondan Andoain ez genuen bisitatu, eta La Salle Berrozpe ikastetxeko gazteek gogoz hartu dute bisita.

Segurtasun neurriak zorroztuta, Iratxe Aguilera (kai Nakai) eta Maialen Sorzabalbere izan dira ikasleak gidatzen, eta Eibarren egin moduan, sare sozialetan zabaltzeko ikus-entzunezkoen ekoizpenean jarri dute indarra: egin nahi dugun horretarako ideia bat garatzeak ze garrantzia duen, lokalizazioak, argiztapenak, audioak…

Hala, hainbat ariketa dibertigarri egin zituzten bikoizketa lanak burututa, baina dena ez da teknika, edukiari ere garrantzia eman behar zaio, eta bereziki sare sozialetan zabaltzen dugun edukia zaintzea ezinbestekoa da, errespetuz jokatuta. Esaterako, instagrameko zuzenekoek izan ditzaketen arriskuak, pribatutasuna zaintzea, hater-en aurrean ze jokabide izan…

Hala, aurreko saioan iphone 12 bat irabazteko lehiaketa jarri genuen abian, eta oraingoan beste lehiaketa bat izango dute gazteek, Gopro 9a egongo da jokoan, eta horretarako ikus-entzuteko bat sortu beharko dute eta sare sozialetara igo @higazte moduan etiketatuta.

Adi! ostiralean, hilak 23 , Tolosan izango garelako!

Hi gazte! Eibarren hasi genuen martxoaren 1ean, eta hilabete eta erdi geroago Coliseumera bueltatu gara, baina oraingoan bigarren saioarekin!

Oraingoan dinamika erabat ezberdina da, Iratxe Aguilera (kai Nakai) eta Maialen Sorzabalbere izan ditugu ikasleak gidatzen, eta sare sozialetan zabaltzeko ikus-entzunezkoen ekoizpenean jarri dugu indarra. Ikastetxe bakoitzarekin ordu eta erdiko saioa egin dugu eta egungo egoera kontutan hartuta segurtasun neurriak zorroztu ditugu.

Eta zer egin duten ikasleek? Bada, hasteko, Kai Nakaik eta Maialen Sorzabalberek bideoklip bateko grabazioaren hasiera antzeztu dute, baina berehala konturatu dira grabazioa ez doala ondo, ez dagoela feeling handirik, izan ere, ez dute gaia batere garatu, ideiaren nondik norakoak pentsatu gabe hasi dira grabatzen. Bada, horra lehen ikasgaia, ideia bat garatuz hasi behar dela ikus-entzunezko bat. Ondoren, eta sare sozialetako adibide ezberdinak eta plataformak erabilita erakutsi dute lokalizazioak duen garrantzia, argiak berak, plano mota ezberdinak, audioak, raccord-ak…

Hala, teknika garrantzitsua da, baina baita edukiaren egokitasuna ere. Sare sozialetan zabaldu gura dugun edukia zer nolakoa den, instagrameko zuzenekoek izan ditzaketen arriskuak, pribatutasuna zaintzea, hater-en aurrean ze jokabide izan… Esperientzia pertsonaletik egin dute berba, eta ikasleek adi jarraitu dituzte bertan esandakoak.

Eta saioren bigarren saioan ikasleen txanda iritsi da. Bikoizketa ariketak egin dituzte, ideiak garatu dituzte, eta taula gainera igotzera ere enimatu dira, bertan kokatu dugun chroma-n irudi batzuk hartzera.

Hau hasi baino ez da egin, badator ‘Hi gazte’-ren bigarren saioa!!!

‘Hi gazte!’ Zarauzko Modelo aretora iritsi da gaur, eta Tolosako Orixe ikastetxeko ikasleekin hasi dugu saioa. Baina ez eurekin bakarrik, streaming bidez Zarauzko Lizardi ikastetxeko ikasleek ere saioa jarraitu dutelako –jarraitu, eta bertan parte hartu!–.

Hala, gaur Iholdi eta Ilargi sortzaileei tokatu zaie saioa gidatzea, euren abestiak abestea eta elkarren berri ematea. Eta ondoren jolasean jardun dute ikasleekin, hitz bat oinarri hartuta abestiak gogora ekartzen, elkarrekin abesten ibili dira, Tik-Tokak egin dituzte taula gainean… Eta, zuzenean konexioa egin dute, Instagram bidez, Lizardiko ikastetxeko gelan zeuden ikasleekin. Eta ondoren, eguneko bigarren saioan Zarauzko Lizardi Ikastolako ikasleek hartu dute esku.

Hi gazte! ekimena Zarautzera iritsi da gaur, eta 10:30ean hasi eta 12:00ak arte streaming bidez izango duzue saioa ikusgai. Modelo antzokian, berriz, lehenengo saioan Tolosako Orixe BHIko ikasleak izango dira, eta 12:30ean Zarauzko Salbatore Mitxelenako ikasleek hartuko dute esku.

https://www.youtube.com/watch?v=L-KQzzp9vrw

‘Hi gazte!’ dinamika Tolosako Leidor aretora iritsi da gaur, eta oraingoan  gazteek Kai Nakairen eta Odiken eskutik izan dute dinamikaren berri. Hala, gaur Ordiziako Jakintza ikastolako gazteak eta Tolosako Laskorain ikastolakoak izan dira bi sortzaileekin. Dagoeneko laugarren saioa izan da, Eibarren, Urnietan, Azpeitian eta Arrasaten egin ditugu dinamikak eta sortzaileei ere antzematen zaie geroago eta eskarmentu handiagoa dutela. Hala, Odikek eta Kai Nakaik euren abestiak abestu eta euren berri ematearekin batera gazteek ere dinamikan esku hartzeko aukera izan dute. Eta, aukera ondo baliatu dute, kantuan, bertsotan, dantzan, irrintzia botatzen… Tolosako aretoan ikasleek euren taldentua erakutsi dute!

Hala, gaurko saio borobilaren ondoren, jakin, asteazkenean, martxoak 17, Zarautzera iritsiko dela ‘Hi gazte!’ ekimena.

Hi gazte! ekimena Arrasatera iritsi da gaur, aurreko saioak Eibarren, Urnietan eta Azpeitian egin eta gero. Eta, gaur Amaia Antzokiko aretoan batu dira, txanda ezberdinetan eta segurtasun neurriak zainduta, Bergarako Ipintzako, Oñatiko Zuazola-Larrañako eta Arizmendiko ikasleak. Saio bakoitzean sortzaile ezberdinek hartu izan dute esku, eta gaur Odik musikariak eta Oihana Arana idazle eta bertsolariak izan dute saioa gidatzeko ardura.

 Saio hasieran Odikek hainbat pieza abestu ditu, eta ondoren Oihanak hartu dio erreleboa, eta bere liburuko pasarte batzuk irakurri dizkie gazteei. Ondoren, eurak hobeto ezagutzeko solasaldia egin dute, eta gazteen txanda etorri da jarrian. Poltsikoko telefonoak eskuan zituztela, eta Instagram erabilita, gazteen galderak erantzuten ibili dira bi sortzaileak. 

Saioaren bigarren zatian gazteek eurek hartu dute esku. Amaia Antzokia areto handia da, baina hala ere, lotsak gainditu eta gazteak animatu dira taula gainera igo eta dantza egitera.

Amaieran, sortzaileek Hi gazte! ekimenaren barruan egingo duten lehiaketaren berri izan dute. Izan ere, Gipuzkoako gazte guztiendako zabalik dagoen lehiaketa jarri dute abian, eta Iphone 12a egongo da jokoan. Horretarako, @higazte etiketa erabilita gazteek lelo bat asmatu beharko dute, eta ikus-entzunezko bat sortu horrekin. Izan daiteke tik-tok bat, bideo bat… Baina gogoratu, @higazte etiketa erabilita zabaldu behar da sare sozialetan.

https://www.youtube.com/watch?v=UP3JM4lJixA

 

Ederto joan da Hi gazte! dinamikako Azpeitiako saioa, Iraurgi ikastetxeko ikasleek ederto pasatu dute eta baita Pasai Lezo Lizeoa ikastetxekoek ere.
Iholdi Beristain eta Ilargi Arrizabalaga sortzaileak izan dira saioa gidatzen. Lehenengo kantu bana abestu dute, motorrak berotzen joateko, eta ondoren euren aurkezpen bideoak erakutsi dituzte pantailan. Ondoren, elkarrekin egin dute Zea Mayz taldearen moldaketa bat, eta jarraian, sare sozialak erabilita (Instagram, @higazte) ikasleek euren galderak egin dizkiete. Solasean izan dira tarte polit batean, eta saioaren bigarren zatian ikasleak eurak ere animatu dira abestera, kitarra jotzera…
Adi gazteak! Oraingo ostiralean, martxoak 12, Arrasateko Amaia Antzokian izango garelako!
Eta bertan izango dira Bergarako Ipintzako ikasleak, Oñatiko Zuazola-Larraña ikastetxekoak eta baita Arizmendiko ikastetxeko ordezkariak ere.

Hi Gazte! dinamikak aurrera darrai!

Gaur Urnietako Sarobe aretora etorri gara, eta 09:00etan hasita Odik eta Oihana Arana sortzaileak hainbat ikastetxeetako neska-mutikoekin dabiltza solasean, kantuan, bertsotan…

Gaurko bi sortzaileen gaineko informazio gehiago, hemen.

Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxeko ikasleak izan dira lehenengo saioan, Pasai Donibaneko Lezo Lizeoa ikastetxekoak daude orain momentuan eta 13:00etan etorriko dira Errenteriako Egiluze ikastetxeko gazteak, denak 14-16 urte bitartekoak.

Aforo eta segurtasun neurriak zaintzeko hiru txanda egingo ditugu gaur ere.

 

Hi Gazte! dinamikaren lehen saioa Eibarko Coliseo antzokian izan da. Goizeko 9etan hasi da lehen saioa. Eibarrera etorri dira Kai Nakai eta Ningra gazte sortzaileak eta zapore ezin hobea utzi du lehen saioak.

Elgoibarko ikastolakoak, Eibarko La salle Azitaingo Amakoak eta Eibarko BHIko ikasleak izan dira ‘Hi gazte!’ ekimeneko lehenengo saioan –hiru txanda izan dira– eta saio borobila izan da. Eibarren, Kai Nakai (Iratxe Aguilera) abeslariak eta Ningra (Uxue Iturrate) raplariak azkar konektatu dute ikasleekin, eta euren sorkuntzak taula gainean erakustearekin batera bien arteko fusioa oso ona izan da. Ondoren ikasleek Instagram bidez euren zalantzak azaldu dizkiete, eta Ningra eta Kai Nakai taula gainetik arduratu dira zalantza horiek argitzeaz. Berba egin dute hastapenez, bakoitzak dituen helburuez, euren erreferenteez, sare sozialei ematen dieten garrantziaz…

Hiru saioetan, baina, ekitaldiaren bigarren zatiak izan du indarra. Hor ikasleak izan dira protagonista, eta denon harridurarako, gazteak taula gainera igotzera animatu dira Tik-Tokerako koreografiak egitera, hip-hopa dantzatzera… Esaterako, ikasleetako batek beatbox-a eginez oinarrizko erritmo bat jarri du, eta horren gainean, Ningrak rapeatu egin du. Ederra!