Lehen saioa Eibarren egin dugu!

Hi Gazte! dinamikaren lehen saioa Eibarko Coliseo antzokian izan da. Goizeko 9etan hasi da lehen saioa. Eibarrera etorri dira Kai Nakai eta Ningra gazte sortzaileak eta zapore ezin hobea utzi du lehen saioak.

Elgoibarko ikastolakoak, Eibarko La salle Azitaingo Amakoak eta Eibarko BHIko ikasleak izan dira ‘Hi gazte!’ ekimeneko lehenengo saioan –hiru txanda izan dira– eta saio borobila izan da. Eibarren, Kai Nakai (Iratxe Aguilera) abeslariak eta Ningra (Uxue Iturrate) raplariak azkar konektatu dute ikasleekin, eta euren sorkuntzak taula gainean erakustearekin batera bien arteko fusioa oso ona izan da. Ondoren ikasleek Instagram bidez euren zalantzak azaldu dizkiete, eta Ningra eta Kai Nakai taula gainetik arduratu dira zalantza horiek argitzeaz. Berba egin dute hastapenez, bakoitzak dituen helburuez, euren erreferenteez, sare sozialei ematen dieten garrantziaz…

Hiru saioetan, baina, ekitaldiaren bigarren zatiak izan du indarra. Hor ikasleak izan dira protagonista, eta denon harridurarako, gazteak taula gainera igotzera animatu dira Tik-Tokerako koreografiak egitera, hip-hopa dantzatzera… Esaterako, ikasleetako batek beatbox-a eginez oinarrizko erritmo bat jarri du, eta horren gainean, Ningrak rapeatu egin du. Ederra!