Errenteriako Niessen aretoan, lehenengoz!!!

Atzo, astelehena, Hi gazte! dinamikak dobletea egin zuen, eta esfortzuak bikoiztuz Iratxe Aguilerak (Kai Nakai) eta Maialen Sorzabalberek, ‘Hi gazte’-ko gainontzeko lantaldearekin batera Errenterian eta Pasai Donibanen egin zituzten saioak. Eta, egia esan, esfortzuak merezi izan zuen, bi lekuetan bikain hartu gintuzteten-eta!!!

Hain zuzen, dinamikako bigarren saio hau burutzen ari garen honetan behin eta berriro nabarmendu dugu, pandemia datuak tarteko, segurtasunaren aldeko apustua sendotu egin dugula, eta hori da arrazoia Gipuzkoan barrena egiten gabiltzan joan-etorriak areagotzearena, alegia, bazter guztietara iristeko ahaleginetan gabiltza! Izan ere, ikasleak batera eta bestera mugiarazi beharrean, ahalik eta herri gehienetan ari gara saioak antolatzen, ikastetxeetako taldeak errespetatuz eta aforoak mugatuz.

Bada, horixe egin genuen atzo Errenteriako Egiluze ikastetxeko ikasleekin, eta emaitza ederra izan zen! Berez, bigarren dinamika hauetan burutzen gabiltzan dinamika errepikatu genuen gazteekin: Sarerako ikus-entzunezkoak sortzeko kontuan eduki beharreko klabe batzuk azaldu zizkieten Kai Nakaik eta Maialen Sorzabalberek. Saio praktiko modura, sketx bat grabatzeko ariketa egin zuten, eta bigarren saioetan ohitura bilakatu den moduan, Errenterian ere argi uztai bat zozketatu genuen.