Abian da ‘Hi gazte!’ dinamikaren edizio berria!

Tolosaldean hasiera emanda, eskualdez eskualde dihardu dinamikak Gipuzkoako nerabeekin antzokietan aurrez aurreko saioak egiten. Hauek gaztetxoek aisialdian egiten duten euskarazko ikus-entzunezko edukien sorkuntza, hedapena eta kontsumoaren erabilera areagotzea dute helburu eta Iratxe Aguilera ‘Kai Nakai’ eta Julen Portillo eduki sortzaile erreferente gazteak izan dituzte, eta izango dituzte, dinamikaren ibilbidean bidelagun.

Sarean jarduten dute nerabeek aisialdian mugikorrarekin edukiak sortu eta kontsumituz. Hala, erronka honen baitan, ikus-entzunezkoak sortzeko klabeak ezagutu eta euskarazko eduki sortzaile izango dira parte hartzen ari diren 1.000 gaztetatik gora. Lehen saioa eginda, Twich plataforma bidez egingo dute bigarren saioa. Izan ere, gazteen hizkuntza erabilita gauzatuko dira dinamikaren baitan egingo diren bi saioak eta azken festa.

Guzti hori horrela, erronkan murgilduta daude Gipuzkoako nerabeak edukiak sortu eta sari potoloa eskuratu ahal izateko. Abenduan egingo da azken festa eta 1.000 eurotako saria eskuratuko du sareko eduki biralizatuena egin duen ikastetxeak. Bakarka edo taldeka nahi duen orok ere izango du erronkarako bideoak sortu sareratu eta horiekin ere 100 eurotako saria eskuratzeko aukera. Beraz, sarean konektatuta daude Gipuzkoako nerabeak, jo eta su, nor baino nor hobe, erronka irabazteko lehian.