Archive for the
‘Albistea’ Category

HI GAZTE 2022ko edizioko azken festa 

 

Urtarrilak 25an Tabakalerako Areto Nagusian ospatu da Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Hi Gazte dinamikaren 2022ko edizioaren sari banaketa eta azken festa. Gazteen artean euskararen presentzia eta erabilera falta erantzun asmoz, DBHko gazteak euskarazko edukien sorrera eta sare sozialetan hauek kontsumitzera bultzatzen dituen dinamika da honakoa. Helburu nagusia, gazteen artean euskararen erabilera areagotzea izan da hasieratik. 

 

Gipuzkoan zehar egin den dinamika da HI Gaztekoa. Denera, sare ezberdinetako 14 ikastetxek eta 1200 ikasle inguruk parte hartu dute irailean abiarazi zenetik. 

 

Dinamika honen garapena oso lotuta egon da aisialdiarekin, euskararen erabilera areagotu eta sustatu nahi izan baita esparru honetan. 

 

Ikastetxetik kanpo landu nahi izan da gaia eta asmo horrekin, lehen aurrez aurreko saioa eskualdeko bakoitzeko areto nagusian abiarazi da. Bertan, ikus-entzunezkoak sortu eta garatzeko gako nagusiak landu dira, aisialdian sare sozialetan sortzen dituztenetan aintzat hartzeko gonbidapena luzatuta. Horrela, erronka sorta bati erantzun behar izan dio parte hartu duen talde bakoitzak, hala nola, challengea, euskoverra, kriston tourra delakoa eta Kuxkuxean. Azpimarratu behar da aurreko edizioetan ez bezala talde bezala hartu dutela parte aurtengo lehiakideek, aurreko urteetan banaka aritu baitira. 

 

Talde bakoitzak erronka horietako bat egin eta ostean, ikastetxe bakoitzak, sortarik onena aukeratu du sare sozialetan eta twitchen ikusgai jartzeko. Behin epea zabalduta, ikus-entzunezko horien biralizazio maila, atsegite kopurua eta Hi Gazteko epaimahaikideen balorazioak eginda, ondorengo bost ikastetxe hauek suertatu dira finalista: 

 

  • Tolosako Orixe BHI Institutua 
  • Azpeitiako Iraurgi ikastetxea
  • Bergarako Aranzadi Ikastola 
  • Elgoibarko Elgoibar ikastola 
  • Andoaingo Lasalle Berrozpe ikastetxea 

 

Julen Portillo eta Iratxe Aguilera “Kai Nakai” izan dira ekitaldiaren gidari nagusiak, biak ala biak, gazteen artean erreferenteak eta Hi Gazte dinamikaren aurpegi nagusienak izan direnak. Sorpresaz betetako ekitaldia izan da, besteak beste, Kai Nakai eta Julen Portilloren emanaldiez gain, Etxepe talde arrasatearraren abestiak entzuteko aukera ere egon da eta. Dantza challenge erraldoiak eta sari banaketak eman diote forma ekitaldiari. 

Ekitaldian parte hartu dute Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatuak eta Garbiñe Mendizabal, Hezkuntza Berdintasuneko saileko zuzendariak. 

 

Sarituak, honakoak izan dira: 

 

  • Sari nagusia, 1000 eurotakoa, Orixe BHI Institutua
  • Kategoria bakoitzeko onenak, 100 euroko sariarekin.. 

Orixerendako bi sari 

Iraurgirendako sari bat

Elgoibarkoendako beste bat 

 

Sorpresaz betetako ekitaldia izna da eta aurtengo edizioa amaitu den arrern, Hi Gazte dinamikak martxan jarraituko du sareetan.

Urriaren 25ean eman zaie hasiera dinamikaren baitako bigarren saioei. Oraingo honetan, baina, sarean konektatuta, zuzenean, jarraitu eta parte hartuko dute Gipuzkoako 1.000 nerabetik gora. Izan ere, aurrez aurreko lehen saioan luzatutako erronka landu eta ikastetxe bakoitzak egindako bideo guztien artean sorta onena aurkezteko unea da. Sorta hau, lau bideok osatuko dute: #challenge bat, #kuxkuxean bat, #euskober bat eta #kristontour batek, zehazki.

Twitch plataforma bidez jarraituko dute ikastetxetik ikasleek saioa eta baita zuzenean parte hartu ere. Ikastetxe bakoitzeko ordezkari onenak baina saiorako sortu den setup-ean egongo dira. Hala, aurkezlearekin batera, sarerako egindako ikus-entzunezkoak aurkeztuko dituzte hauek. Behin, lehiarako edukia aurkeztuta, hiru aste izango dituzte dinamikaren Instagram eta TikTok kontuetan argitaratuko diren bideoak biralizatzeko. Izan ere, hala lortuko du eskualde bakoitzeko ikastetxe batek abenduan ospatuko den finalerako pasea.

Eduki sortzaile gazteek egindako bideoak ikusteko aukera dago jada dinamikaren Instagran eta TikTok profiletan.

 

 

 

Tolosaldean hasiera emanda, eskualdez eskualde dihardu dinamikak Gipuzkoako nerabeekin antzokietan aurrez aurreko saioak egiten. Hauek gaztetxoek aisialdian egiten duten euskarazko ikus-entzunezko edukien sorkuntza, hedapena eta kontsumoaren erabilera areagotzea dute helburu eta Iratxe Aguilera ‘Kai Nakai’ eta Julen Portillo eduki sortzaile erreferente gazteak izan dituzte, eta izango dituzte, dinamikaren ibilbidean bidelagun.

Sarean jarduten dute nerabeek aisialdian mugikorrarekin edukiak sortu eta kontsumituz. Hala, erronka honen baitan, ikus-entzunezkoak sortzeko klabeak ezagutu eta euskarazko eduki sortzaile izango dira parte hartzen ari diren 1.000 gaztetatik gora. Lehen saioa eginda, Twich plataforma bidez egingo dute bigarren saioa. Izan ere, gazteen hizkuntza erabilita gauzatuko dira dinamikaren baitan egingo diren bi saioak eta azken festa.

Guzti hori horrela, erronkan murgilduta daude Gipuzkoako nerabeak edukiak sortu eta sari potoloa eskuratu ahal izateko. Abenduan egingo da azken festa eta 1.000 eurotako saria eskuratuko du sareko eduki biralizatuena egin duen ikastetxeak. Bakarka edo taldeka nahi duen orok ere izango du erronkarako bideoak sortu sareratu eta horiekin ere 100 eurotako saria eskuratzeko aukera. Beraz, sarean konektatuta daude Gipuzkoako nerabeak, jo eta su, nor baino nor hobe, erronka irabazteko lehian.

Ostiralean Tolosako Leidor aretoan egon ginen Orixe BHI eta Laskorain ikastolako ikasleekin dinamikaren bueltako bigarren saioa egiten, eta bertan geundela aprobetxatuta lehenengo erronkako saria banatu genuen. Izan ere, irabazlea publiko artean zegoen, Oier Gastesi (@oierrr65), alegia: “Sarerako formatu ezberdinetan ekoiztutako edukiak aurkeztu ditu lehen erronkan. Meme bat, bikoizketa ariketa bat, podcast bat eta euskal musikari erreferenteak oinarri hartutako ausnarketa bat, besteak beste. Aurkeztutako eduki guztiak izan dira landuak eta kalitatezkoak”, adierazi dute epaimahaiko kideek saria banatzerako orduan.
Ez zen izan, baina, eguneko sari bakarra, Ekaitz (@ekaitzz2)-ek ere saria izango duelako, izan duen jarrera parte-hartzaileagatik: “Higazte!-ra konektatuta izan da uneoro, eta hainbat eduki igo ditu. Memeekin eta bikoizketa bideo laburrekin uneoroko presentzia izan du on-line eta epaimahaiak horixe saritu nahi izan du”. Hori horrela, ekainean gauzatuko den sari banaketa ofizialean jasoko dute saria.
Eta horrekin batera, sorpresaren bat edo beste ere izan zen. Hain zuzen, youtuber-ek horrenbeste erabiltzen duten argi-uztai bat zozketatu zen goizean zehar egindako saio bakoitzean, bertan izan ziren ikasleen artean.
Zozketa eta sari banaketak alde batera utzita, Kai Nakai eta Maialen Sorzabalbere izan ziren ikus-entzunezkoak sortzeko klabeak eskaintzen. Horretaz gain, bertan, zuzenean, bikoizketa ariketa bat egiteko aukera izan zuten eta maiatzaren 22ra bitartean gauzatu beharko duten bigarren erronka ere aurkeztu zieten sortzaile gazteek ikasleei. Kasu horretan, irabazleak Gopro-9a eramango du etxera.
 

Hi Gazte! dinamika Andoainera iritsi da lehenengoz! Aurreko dinamika saioarekin Gipuzkoatik barrena egindako errondan Andoain ez genuen bisitatu, eta La Salle Berrozpe ikastetxeko gazteek gogoz hartu dute bisita.

Segurtasun neurriak zorroztuta, Iratxe Aguilera (kai Nakai) eta Maialen Sorzabalbere izan dira ikasleak gidatzen, eta Eibarren egin moduan, sare sozialetan zabaltzeko ikus-entzunezkoen ekoizpenean jarri dute indarra: egin nahi dugun horretarako ideia bat garatzeak ze garrantzia duen, lokalizazioak, argiztapenak, audioak…

Hala, hainbat ariketa dibertigarri egin zituzten bikoizketa lanak burututa, baina dena ez da teknika, edukiari ere garrantzia eman behar zaio, eta bereziki sare sozialetan zabaltzen dugun edukia zaintzea ezinbestekoa da, errespetuz jokatuta. Esaterako, instagrameko zuzenekoek izan ditzaketen arriskuak, pribatutasuna zaintzea, hater-en aurrean ze jokabide izan…

Hala, aurreko saioan iphone 12 bat irabazteko lehiaketa jarri genuen abian, eta oraingoan beste lehiaketa bat izango dute gazteek, Gopro 9a egongo da jokoan, eta horretarako ikus-entzuteko bat sortu beharko dute eta sare sozialetara igo @higazte moduan etiketatuta.

Adi! ostiralean, hilak 23 , Tolosan izango garelako!

Hi gazte! Eibarren hasi genuen martxoaren 1ean, eta hilabete eta erdi geroago Coliseumera bueltatu gara, baina oraingoan bigarren saioarekin!

Oraingoan dinamika erabat ezberdina da, Iratxe Aguilera (kai Nakai) eta Maialen Sorzabalbere izan ditugu ikasleak gidatzen, eta sare sozialetan zabaltzeko ikus-entzunezkoen ekoizpenean jarri dugu indarra. Ikastetxe bakoitzarekin ordu eta erdiko saioa egin dugu eta egungo egoera kontutan hartuta segurtasun neurriak zorroztu ditugu.

Eta zer egin duten ikasleek? Bada, hasteko, Kai Nakaik eta Maialen Sorzabalberek bideoklip bateko grabazioaren hasiera antzeztu dute, baina berehala konturatu dira grabazioa ez doala ondo, ez dagoela feeling handirik, izan ere, ez dute gaia batere garatu, ideiaren nondik norakoak pentsatu gabe hasi dira grabatzen. Bada, horra lehen ikasgaia, ideia bat garatuz hasi behar dela ikus-entzunezko bat. Ondoren, eta sare sozialetako adibide ezberdinak eta plataformak erabilita erakutsi dute lokalizazioak duen garrantzia, argiak berak, plano mota ezberdinak, audioak, raccord-ak…

Hala, teknika garrantzitsua da, baina baita edukiaren egokitasuna ere. Sare sozialetan zabaldu gura dugun edukia zer nolakoa den, instagrameko zuzenekoek izan ditzaketen arriskuak, pribatutasuna zaintzea, hater-en aurrean ze jokabide izan… Esperientzia pertsonaletik egin dute berba, eta ikasleek adi jarraitu dituzte bertan esandakoak.

Eta saioren bigarren saioan ikasleen txanda iritsi da. Bikoizketa ariketak egin dituzte, ideiak garatu dituzte, eta taula gainera igotzera ere enimatu dira, bertan kokatu dugun chroma-n irudi batzuk hartzera.

Hau hasi baino ez da egin, badator ‘Hi gazte’-ren bigarren saioa!!!

‘Hi gazte!’ Zarauzko Modelo aretora iritsi da gaur, eta Tolosako Orixe ikastetxeko ikasleekin hasi dugu saioa. Baina ez eurekin bakarrik, streaming bidez Zarauzko Lizardi ikastetxeko ikasleek ere saioa jarraitu dutelako –jarraitu, eta bertan parte hartu!–.

Hala, gaur Iholdi eta Ilargi sortzaileei tokatu zaie saioa gidatzea, euren abestiak abestea eta elkarren berri ematea. Eta ondoren jolasean jardun dute ikasleekin, hitz bat oinarri hartuta abestiak gogora ekartzen, elkarrekin abesten ibili dira, Tik-Tokak egin dituzte taula gainean… Eta, zuzenean konexioa egin dute, Instagram bidez, Lizardiko ikastetxeko gelan zeuden ikasleekin. Eta ondoren, eguneko bigarren saioan Zarauzko Lizardi Ikastolako ikasleek hartu dute esku.

Hi gazte! ekimena Zarautzera iritsi da gaur, eta 10:30ean hasi eta 12:00ak arte streaming bidez izango duzue saioa ikusgai. Modelo antzokian, berriz, lehenengo saioan Tolosako Orixe BHIko ikasleak izango dira, eta 12:30ean Zarauzko Salbatore Mitxelenako ikasleek hartuko dute esku.

https://www.youtube.com/watch?v=L-KQzzp9vrw

‘Hi gazte!’ dinamika Tolosako Leidor aretora iritsi da gaur, eta oraingoan  gazteek Kai Nakairen eta Odiken eskutik izan dute dinamikaren berri. Hala, gaur Ordiziako Jakintza ikastolako gazteak eta Tolosako Laskorain ikastolakoak izan dira bi sortzaileekin. Dagoeneko laugarren saioa izan da, Eibarren, Urnietan, Azpeitian eta Arrasaten egin ditugu dinamikak eta sortzaileei ere antzematen zaie geroago eta eskarmentu handiagoa dutela. Hala, Odikek eta Kai Nakaik euren abestiak abestu eta euren berri ematearekin batera gazteek ere dinamikan esku hartzeko aukera izan dute. Eta, aukera ondo baliatu dute, kantuan, bertsotan, dantzan, irrintzia botatzen… Tolosako aretoan ikasleek euren taldentua erakutsi dute!

Hala, gaurko saio borobilaren ondoren, jakin, asteazkenean, martxoak 17, Zarautzera iritsiko dela ‘Hi gazte!’ ekimena.

Hi gazte! ekimena Arrasatera iritsi da gaur, aurreko saioak Eibarren, Urnietan eta Azpeitian egin eta gero. Eta, gaur Amaia Antzokiko aretoan batu dira, txanda ezberdinetan eta segurtasun neurriak zainduta, Bergarako Ipintzako, Oñatiko Zuazola-Larrañako eta Arizmendiko ikasleak. Saio bakoitzean sortzaile ezberdinek hartu izan dute esku, eta gaur Odik musikariak eta Oihana Arana idazle eta bertsolariak izan dute saioa gidatzeko ardura.

 Saio hasieran Odikek hainbat pieza abestu ditu, eta ondoren Oihanak hartu dio erreleboa, eta bere liburuko pasarte batzuk irakurri dizkie gazteei. Ondoren, eurak hobeto ezagutzeko solasaldia egin dute, eta gazteen txanda etorri da jarrian. Poltsikoko telefonoak eskuan zituztela, eta Instagram erabilita, gazteen galderak erantzuten ibili dira bi sortzaileak. 

Saioaren bigarren zatian gazteek eurek hartu dute esku. Amaia Antzokia areto handia da, baina hala ere, lotsak gainditu eta gazteak animatu dira taula gainera igo eta dantza egitera.

Amaieran, sortzaileek Hi gazte! ekimenaren barruan egingo duten lehiaketaren berri izan dute. Izan ere, Gipuzkoako gazte guztiendako zabalik dagoen lehiaketa jarri dute abian, eta Iphone 12a egongo da jokoan. Horretarako, @higazte etiketa erabilita gazteek lelo bat asmatu beharko dute, eta ikus-entzunezko bat sortu horrekin. Izan daiteke tik-tok bat, bideo bat… Baina gogoratu, @higazte etiketa erabilita zabaldu behar da sare sozialetan.

https://www.youtube.com/watch?v=UP3JM4lJixA