Archive for the
‘Albistea’ Category

Ederto joan da Hi gazte! dinamikako Azpeitiako saioa, Iraurgi ikastetxeko ikasleek ederto pasatu dute eta baita Pasai Lezo Lizeoa ikastetxekoek ere.
Iholdi Beristain eta Ilargi Arrizabalaga sortzaileak izan dira saioa gidatzen. Lehenengo kantu bana abestu dute, motorrak berotzen joateko, eta ondoren euren aurkezpen bideoak erakutsi dituzte pantailan. Ondoren, elkarrekin egin dute Zea Mayz taldearen moldaketa bat, eta jarraian, sare sozialak erabilita (Instagram, @higazte) ikasleek euren galderak egin dizkiete. Solasean izan dira tarte polit batean, eta saioaren bigarren zatian ikasleak eurak ere animatu dira abestera, kitarra jotzera…
Adi gazteak! Oraingo ostiralean, martxoak 12, Arrasateko Amaia Antzokian izango garelako!
Eta bertan izango dira Bergarako Ipintzako ikasleak, Oñatiko Zuazola-Larraña ikastetxekoak eta baita Arizmendiko ikastetxeko ordezkariak ere.

Hi Gazte! dinamikak aurrera darrai!

Gaur Urnietako Sarobe aretora etorri gara, eta 09:00etan hasita Odik eta Oihana Arana sortzaileak hainbat ikastetxeetako neska-mutikoekin dabiltza solasean, kantuan, bertsotan…

Gaurko bi sortzaileen gaineko informazio gehiago, hemen.

Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxeko ikasleak izan dira lehenengo saioan, Pasai Donibaneko Lezo Lizeoa ikastetxekoak daude orain momentuan eta 13:00etan etorriko dira Errenteriako Egiluze ikastetxeko gazteak, denak 14-16 urte bitartekoak.

Aforo eta segurtasun neurriak zaintzeko hiru txanda egingo ditugu gaur ere.

 

Hi Gazte! dinamikaren lehen saioa Eibarko Coliseo antzokian izan da. Goizeko 9etan hasi da lehen saioa. Eibarrera etorri dira Kai Nakai eta Ningra gazte sortzaileak eta zapore ezin hobea utzi du lehen saioak.

Elgoibarko ikastolakoak, Eibarko La salle Azitaingo Amakoak eta Eibarko BHIko ikasleak izan dira ‘Hi gazte!’ ekimeneko lehenengo saioan –hiru txanda izan dira– eta saio borobila izan da. Eibarren, Kai Nakai (Iratxe Aguilera) abeslariak eta Ningra (Uxue Iturrate) raplariak azkar konektatu dute ikasleekin, eta euren sorkuntzak taula gainean erakustearekin batera bien arteko fusioa oso ona izan da. Ondoren ikasleek Instagram bidez euren zalantzak azaldu dizkiete, eta Ningra eta Kai Nakai taula gainetik arduratu dira zalantza horiek argitzeaz. Berba egin dute hastapenez, bakoitzak dituen helburuez, euren erreferenteez, sare sozialei ematen dieten garrantziaz…

Hiru saioetan, baina, ekitaldiaren bigarren zatiak izan du indarra. Hor ikasleak izan dira protagonista, eta denon harridurarako, gazteak taula gainera igotzera animatu dira Tik-Tokerako koreografiak egitera, hip-hopa dantzatzera… Esaterako, ikasleetako batek beatbox-a eginez oinarrizko erritmo bat jarri du, eta horren gainean, Ningrak rapeatu egin du. Ederra!