Abian da Hi Gazte! dinamika

Hastera doa Hi Gazte! Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara departamentuak sustatutako dinamika.

Nerabeen aisialdian euskararen erabilera areagotzea du helburu eta bereziki, euskarazko ikus-entzunezko edukien kontsumoarena, hedapena eta sorkuntzarena.

Gipuzkoako eskualde ezberdinetako 14 eta 16 urte arteko neska-mutikoekin egingo da dinamika. Horretarako, eskualde bakoitzean hiruna ikastetxe aukeratu dira –Ikastolak, Herri Eskolak eta Kristau Eskolak kontutan izanda–. Eta, astelehenean bertan egingo dugu lehen formakuntza saioa, Debabarrena eskualdearen barruan, Eibarko Coliseo antzokian.

Dinamika gidatzeko guztira sei sortzaile gazte izango dira:

ODIK MUSIKARIA

Euskal konposatzailea. Dance musika estiloa oinarri ‘Arnastu’ eta ‘Tximak’ kantuen egilea. Bogan dauden Remix-ak lantzen dituena eta ‘Lotsaz gainezka’ du kaleratutako azken abestia.

IRATXE AGUILERA, ‘KAI NAKAI’ MUSIKARIA

Estilo urbanoko musika egilea. Regetoia, trap eta rap tankerako hiri estiloak lantzen ditu, ikuspegi feminista batetik. ‘Baimenik gabe’ da bere lehen diskoa.

IHOLDI BERISTAIN, AKTOREA ETA ABESLARIA

Dantza klasikoan, garaikidean eta modernoan trebea. Musikaria, cover egilea eta euskal konposatzailea. Aktorea eta coach-a. Artista multidiziplinarra.

ILARGI, MUSIKARIA ETA KONPOSITOREA

Abeslari eta sortzaile gipuzkoarra. Cover egilea eta kantu propioen sortzailea; euskal konposatzailea, ’Betirarte’ singlearen egilea.

OIHANA ARANA, BERTSOLARIA ETA IDAZLEA

Bertsolaria, Gipuzkoako eskolarteko txapelduna. Istorio kontatzailea, ‘Portuak’ eleberriaren idazlea eta ‘Izotzetan islatuak’ liburuan kolaboratatzailea.

UXUE ITURRATE,  RAP ABESLARIA

Poesia eta idaztea ditu gustoko. Idatzitako letrei base bat jarri eta rapeatuz zabaltzen ditu lau haizeetara poemak. Hazia kantuaren egilea, Enbor taldeko kideekin batera.